NIRE BI AMONAK
Gazterik hil zen bata, bestea luze bizi;
aparte daude Andoain eta Andaluzia,
baina distantziak ez du aldatzen guztia:
seme-alaba aldra bat zuten biek hezi.
Artzain bertsozalea Joxepa, lehenbizi,
autodidakta abil bere kasa ikasia;
Adoración, arduraz zorrozten pobrezia.
Jakin nahi nuke bete gabeko zenbat gutizi
ote zituzten buru barruko barrunbeetan.
Bat ezagutu nuen firin-faran berritsu;
bestea, kontalari mutu argazkietan.
Hildakoak dira bizidunen begiko su
hauspotuak sarri oroitzaileen pozetan:
pizten zaizkizu egin gabeko galderetan
eta ezin duzu izan haiek bezain jakintsu.