OBJEKTUEK BIZIRAUNGO GAITUZTE
(ETA ZER?)
Anna Akhmatovak aipatzen ditu biziraungo
gaituzten luma, kaier…, finean, objektuak
—tauparik ezari esker minez gabetuak—,
belaunaldiz belaunaldi dagitenak txango.
Iraun, bai. Ez dute, ordea, txintik esango
trukean, isiltasun mineralak hartuak.
Harri bihurtzean dio egia santuak?
Zelan zen bera, eternitatea zelango?
Baztertutako objektua nahi dugu leitu:
zer dio hersturaz uhal abandonatuak?
Liburuki azpimarratuetan, zer pleitu?
Egiaz, arnasa hartzeak dauka meritu:
hilkorra aletzen hilezkortasun kontuak,
natura hilena begiak berpizten baitu.