HAMALAUKOA
Rolls Royce auto bat da sonetoa, alajaina.
Errepidean koskarik gabe azkar doa,
diseinu perfektuena, barru erosoa.
Sano behartua liteke errima baina
garaiz aldatzen da, ez aspertzeko adina.
Kanpotik ez maite arren molde klasikoa,
poeta zaharren laztan antigoalekoa
eta maisu-maistren isuria eta zaina
sentituko dituzu han eseri orduko.
Ni noa gidari, ala neurtitza dut zaldi?
Tradizio ufadak fin dizu lagunduko.
Esku-eskueran dizkizu fortunatuko
biharrak atzo ereindako zazpi esaldi,
zazpi samuraien eran, ukaldiz ukaldi.