LOTSA
Ez da gorri hori guk nahi bezain albistari,
gehienetan, noski, pozkida betearena;
amorru-lotsen xendan datorkio maizena
itsatsirik karmin mantxa hobena azalari.
Ez dugu nahi, otoi, diezaguten nabari,
nahiz dakigun lotsa hau, aurpegiko orbanarena,
dela azalean eransten zaigun lehena.
Ezer izatekotan, lehenbizi, izan lotsati.
Hitzen premiarik ez kamuflatzeko grinak,
salatari hau ezin bidali popatik:
loratu dira arian behiala eginak.
Lotsak bihurtu zaitu erle artean lore,
soina estali eta deus ahaztu ezinak
laga zaitu zaurgarri, biluz, eskurik gabe.