GARUNA ERE AZALA DA
Bertzenaz, azalik ez du, akaso, garunak?
Ez ahaztu eskuetan har zenezakeenik
utzitakoa hilurren zeuden hainbat erik.
Buruhezurrari eutsi, bildu erantzunak,
“Izan ala ez izan” dio Hamleten jardunak.
Uhin-kolperik gabe ez da hizketan hasterik:
ezin pentsa liteke ukimenez besterik,
esku-izpiak dauzka neurona adardunak.
Airean doa musika, pianoen mailuz;
agintea du orkestra perkusiodunak,
eta, hatzekin jo ezean, jotzen gaitu gailuz.
Azala erre, erauzi, goldatu ziztailuz…
Laztantzen nauenean nire da zure txima,
pilatutako geruzak direnez arima.