PLASTIDECOR
Zergatik txikitzen ziren batzuk horren azkar?
Beltza, urdina eta gorria txaparrito
bilakatzen ziren berehala; eta kito,
aurrerantzean gaua morez pintatu behar
eta usoak lilaz zeru horian zehar.
Gailen zena, halere, eztabaida metafisiko
gorena, haragi kolorearen betiko
paper gainean adierazi ezina… Belar
berde, pantera arrosa, baina gu, nolatan?
Zer margok izan lezake larruaren antza?
Horia laru, laranja lar, beti dudatan…
Sarri zuriaren alde erortzen zen balantza.
Berant jarri zigun margo-kaxa hutsak bistan,
haragiaren egia datzala tximistan.