LIKANTROPIA
I
Bularra eman zien otsemeak Erroman
Romulo eta Remori, dio alegiak.
Belztu ditu honezkero denborak egiak,
hain harritzekoa da gizona otso forman?
Belzten den bakarra ez baita itzala horman;
ogibide ditugunez joan-etorriak,
gauza asko azal litzake likantropiak,
baina irakaspena ez datorkigu doan.
Elkarren janari ginen hein berean gara
elkarren inspirazio, akatsen mailegu;
otso bat ez al da ardia iruntzitara?
Metamorfosiak zenbat toles, zenbat plegu,
ezkutatzeko izan zinenaren islada:
bikoitza daki udak izan zelako negu.
II
Gizakiak ments du basati denaren deia.
Milaka urte atzerantz egingo balitu,
legerik gabeko deman nork nor du kalitu?
Hain da tentagarri, epaile gabeko lehia.
Belatzak oreina jazarri, putreak behia,
koioteak erasoan lau hortz galdu ditu,
tximino saldoak elkar di-da txikitu;
libre diren bakarrak: belea, hodeia.
Ilargia dator gabeziak konpontzera:
betea denero maltzur gonbidatzen gaitu
bakezkoak eginez parkean otsotzera.
Gizakiak dakar animalia ertzera,
eta ertzari esker, beharbada, eztitu
daiteke alderik horzkariena atzera.
III
Bizitza otsoan gizon izan dena, akaso,
da oraindik ez zaiolako ailegatua
sasoia bihurtzeko zakurra edo katua.
Hala, susmoa balu ukan zuela arbaso
bat beste espezie batekoa, altxatu soa,
eta bila dezala haren plenilunio gaua
—ez menperatu arren antzaldatze araua,
lege hori dago hezurren pean jasoa—.
Likantropo bat aise ezagut zenezake
jaka jantzi-eranztean daukan kuidadoa
edota begi-letagin zorrotzak bitarte.
Garratz zena atzo izan bedi bihar gozoa,
harrapakin zirenak bitez harrapatzaile;
mendekua… ala justizia poetikoa?