HAU
Hau, hirugarren eskuko hilezkortasuna.
Hau, errotari derrotatuaren beharra.
Hau, deserrotuaren biriketan kedarra.
Hau, nahiaren eta ezinaren erresuma.
Hau, arnas ahaztua edo arnes astuna.
Hau, norberaren tranpen horizonte meharra.
Hau, funtsezkoetan sartzeko modu zeiharra.
Hau, ez kontzientzia, ez altxor, ez ondasuna.
Bost axola zaizkigun gauzen zaindari xume
—laua malkartsu, bixi nahi genukeena lau,
ekintzarako zikiro, besoak antxume—,
guraso antzuak, inkontzientziaren kume,
damu-sorleak, trentzatu gabeko zume.
Hitzak josi arteko sosegu gabezia hau.