PLANTO ETA AMORE (I)
Kanpo-bultzaden inertzietan zara bizi?
Norbere egarri-gosez hurrup, edan edo klik,
ala zure ez den indar bati men eginik
bihurtu zara zentrifugazio luizi?
Pentsatu trakzioa zurea den, lehenbizi:
aldare arrotz bati egin diozu zinik?
Bultzada barne-bulkada ez dela jakinik,
planto eta amore, bilatzeari utzi?
Garaien izpirituak ordezkatu dizun odol
korrientea darabilzu zainetan barruan,
ala, ekintza, nahi intimoetatik dator?
Ez besterendu erantzukizuna patuan:
noiz zinen, zu, destinoaren lemazain gotor,
bilakatu txotxongilo bere eskularruan?