OESTEKO FILMAK
Zer egin sheriff izarra merezi izateko?
Zaldia ongi lotu, saloonera bero,
cowboy zarenez gero, ez zerurik espero
eta zaude gertu ezproiak noiznahi janzteko.
Kuxinekin egin muinoak, haitzezko:
“Eta hi, zeren bila habil hemen, forastero?”.
Jolas horretan, larunbat arratsaldero.
Fundizioko tximiniatik dator kezko
seinaleen segida, indio mutuena
—apatxeak salbaje, legezkoak bakero—,
gaiztoak aise bereiztera ninderamana.
Bilau bakoitzarekin kontu-kitatze bana…
Egiaz, film haiek ziren bizitza bezala:
erdia punteria, erdia hautsaren lana.