Pozaren erdia
Pozaren erdia
2022, poesia
88 orrialde
978-84-19570-01-7
Azala: Nagore Amenabarro
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

IGERI

 

 

                   I

 

Uretara sartzeko moduko leku on bat

bilatu, ez derrigorrez beti atzokoa:

hondartza hutsekoa ala arroketakoa,

itsasoak lurra tolestuko duen gontz bat.

 

Zu, xumeago, arropak tolesten: gizon bat,

hegan egin nahi duen adin ertainekoa.

Keinu zaharra da oihalez osatzekoa

arropekin, surik ez emateko txondor bat.

 

Puskak bizkarrean utzita biluzik orain,

uraren eskailera-mailei errenditurik

—nola ez den gorputza harritzen ez duen gurik—,

 

zirrararazi ditu bagak azal eta zain;

hegoak jaioko dizkizu mila isurik,

zeu zerutik beha zaudela sinesteko lain.

 

 

                   II

 

Labaindu eta arnasa hartzearen mekanika:

ezpainek, gazitan musukatuz erauntsia,

urdin-txintan ikasi dute hemen garrantzia

josten dela naturaren ahoan zatika.

 

Ez dago zertan kezka igerian zaldika;

motel igerilaria, bixi doa bizia

gezala gozatuz; hondarra eta hazia,

eta soinean, uhal zaharren errepika.

 

Zigortu ahala indartzen gaitu itsasoak.

Uretan dakizu deus ez zela hainbesterako.

Kezkatzen zaitu soilik ertzaren lausoak,

 

eta kosta begi parean finkatzerako,

norabait iristeko trostan dagi besoak:

zaldi lurtarrok, sortu bagina urperako?

 

 

                   III

 

Berriro lehorrerantz zara abiatuko,

erabakigarri, eta jakintsuen eran.

Olatuek esan dizuten egia bertan

dute ttanttek izpitan multiplikatuko.

 

Uretatik at ja —greziarren ispiluko—

zuk edan duzu bera eta hark zaitu edan,

erantzun guztiak daramatzazu soinean

—ez ahal dituzu uretatik kanpo ahaztuko!

 

Itsasotik irten den gizakia beti da

ikusgarri, aratz, naturaz gaindikoa;

totem zaharberritzaile bat, aspaldikoa.

 

Luzatu egin du marearen erretirak

hondar hezetik arropetara artekoa:

harro zoaz, alga otzanen usainekoa.

 

 

                   IV

 

Tristeziak naretuz, neurriratuz pozkidak,

igerilaria egunero jaioko da.

Bizitza horixe da: da capo eta koda,

galtzen ondo dakiten galtzaileen partidak.

 

Uretan probatuz kiribiltze eta jirak,

itsaspean hil da behazunaren galkorra.

Besoak gurutze flotatzea bihurtuko da

hil beharrik gabe berriz pizteko joko bat.

 

Flotagarritasunari nola esan kito,

uretan haurrak erditzea ez bada kalte

eta hilak Gangesera badaramatzate?

 

Ulisesen duda hezurmamitzen du mito

itsastarrak; katea bera arraun litzateke,

gure aukeran balitz igeri ala ito.