ZUBIA
Erraldoia, edo oinezkoaren pasarela,
beti berdina izanik, beti da berria:
uraren gainetik pasata asez egarria
ohartarazten baitu bestaldea, badela.
Hiriaren eta begiradaren karela,
eta metafora gehiegiren armarria:
zubigileek baietz hondoratu zubia;
bostekoak dio gu ere zubi garela.
Olestu joan-etorriaren bertutea.
Esekian alegerago doa zangoa,
eta ez hain pozik kale trinkoan, ordea.
Zu izanik hemengoa, ni, berriz, hangoa,
bada zerbait zubia bera baino hobea:
zubia zeharkatzeko daukagun gogoa.