DEDIKATUTAKO LIBURUAK
Badut, etxean, niri ez baina beste nonori
dedikatutako aleren bat edo beste.
Haiek irakurtzean sentitzen naiz erbeste
xelebre baten eroale. Liburu hori
norena ote zen, zer patu eta zer zori
bi pertsonen arteko zilborreste?
Beharbada maitasun bizkor baten berreste
hutsa? Axaleko zen harremana ala lodi?
Telegrama amultsu dira, gutun zintzoak,
orri lakarrean tinta lausoz isuriak;
agian, gauzatu gabeko intentzioak?
Zer pentsa damaigu iragan pultsu finkoak:
mundu-maparen ertzak dauzka kaligrafiak,
gu ere urruntzen goazen kai hartakoak.