ERREPIKAPENA
Birritan, hirutan… eta gero hamaika bider,
ez dakizuna eginez zorrozten da sena.
Egiten duguna fintzea balitz eztena,
sorkari izan dadin ikasitakoa, halaber?
Berba maiztu izan arren, zenbat zidor eder!
—Maitatutako lekua habitatzearena
hitz errepikatuz, ez da errepikapena—.
Bizitza katiluan, esperientzia gider,
kikara oinez eramateko gaitasuna.
Bidea egiten du aztarna sakontzeak
eta beti da diferentea oihartzuna.
Aurresatea ere badenez maitasuna,
errima zaharrez margotu itzazu ateak,
eternitate kutsuz janzteko etxeak.