SENAK EZIN ASERIK
Senak ezin aserik bazabiltza, bizirik
zauden seinale omen da, nonbait; hala ote?
Deliberoa hartzen duena ez ei da arlote
bilaketaren zirimolan kateaturik.
Asearen deliberoa gure da? Noiztik?
Izarren taupada barruan duen garrote
makur, zital eta lehergarri baten kolpe
ase ezina ez ote da gosea, aitzitik?
Kantu bati itsatsitako harrapaketari
gosetiak garelako, gosetien gose,
asea ospatzen dugu berriro egarriz.
Ate-orpo bat zeharkatuta, mila atalase:
kosk egiten diogunez koskaren tranpari,
aske izateak ere ezin gaitzake ase.