BEGIA
Elikatzen duguna gehiegi, baitezpada,
miraila bainoago putzua balitz legez,
enpo eta ase nahiez bihurtu dugunez
begia hilobi, palakadaz palakada.
Bihurtzen gaitu zinegileen kamarada,
ezin aukeratu arren noiz filmatu, noiz ez:
itsutu egin gara begia ezin betez.
Hausnarleku bakar, iluna bilakatu da.
Merkatuan enkante da begia begi truk
—gaitz erdi, utziko baligute so egiten
munduari trukeko bi begi mailegatuk—.
Begitik sartzen denak ezin begitik irten:
bizitza kontatzen dute bi nini irlatuk,
nolaz eta hizkuntza guztiak dakizkiten.