EZINIKUSIA
Itsuaren kondena edo pribilegio:
begiak erne izanda, ez da gauza bera
ninia bultzatzea izkinatik ertzera,
ukatzeagatik diosal edo adio.
Begiak nahikoa edan duela badio,
ez zaiola sartzen hurkoarenik etxera
ez bi eta ez hiru —irudi bat berbera
gehiago—, irentsia liseritzea zio,
senari kasu eginez beharko da joka:
ulertzen saia zaitez zergatik ezkerrera
doan lepoa, saihestuz begiraden poza.
Kuttuna zelako behin, eta orain kordoka?
Ez ote da hau ere ispiluen afera?
Harrokeriak egin du begiekin oka.