FROGATU ROBOTA EZ ZARELA
K. Le Guini galdetu ba ote den robotik
dituena begizulo parea, zimurrak,
jauzi eginarazten diona atximurrak
eta zuri irainka hasten dena gogotik,
jipoia partitzeko aukerarik, engoitik,
ez duelako ematen internet makurrak.
Ez dira silizio txipenak ene azkurak:
hain urrun gaude gauzak ukitzeko sasoitik?
Naizena frogatzeko ziurtagiri mota
bat ez ote da hementxe biluzik naizela,
nire ohitura guztiak zure tekletan jota?
Orain nik egingo ditut galderak, bestela:
nola erdiets automatak humano kota?
Frogatu zuk, bada, pertsona bat ez zarela.