FILIAK
Arbolafilia zuen: zuhaitzei laztana
laztanaren atzetik josten zuen denbora;
beste zerbaiten ordezko ote zen arbola?
Nor gara gu juzgatzeko inoren afana?
Letraminak oparitu nahi soneto bana,
letrarik gabe ez denez ez hitz, ez ganora;
bere filia barreiatuz beti edonora,
helduko da basoko maitalearengana.
Baratzean fobia erein duenak zer lora
bil lezake etzidamu, aldiz, adiskide?
Etsai damuak ez zaramatza gaur inora.
Ez fobiak, filiak zabaltzen ditu esporak:
ezin atzeman mundua azkar eta fite,
kuttunki ez bada ia, baztertuta aizkorak.