TELEFONO BAKARRA
Oroitzen, etxeetan telefono bakarra
izaten zen garaia? “Niretzat da!”, genioen,
korrika iritsi nahian inor baino lehen
piztu aurretik amaren gibel-susmo txarra.
Eta gero, agian, ez zen guretzat, hara…
“Izeba da” esanez makur itzultzen ginen,
nola ez zaiona zain den gutunik iristen,
nahiz gorputz eta arima izan horretara.
Aparatu baldarra hormari lotua kablez;
mintzatu, poztu edota hiltzen ginen lotsez
gardentasun luteranoz guztion bistara.
Hartu gailua eta ahotsik ezagutu ez,
etengabe galdezka, “Nor zara, noren partez?”.
Mamuago ginen, ala mamuago gara?