GOSARI BERANTIARRA
Berandu sartu ginen ohera, edo, agian,
gorputzari ez genion aspaldian eman
zor zaiona luzaro ibili ostean deman.
Atsedenik gabe ez dugu federik argian.
Maindireetan etzanik esna naizen aldian
—ertzean egon arren, loaren errekan—,
barne narrastiak diost geratzeko bertan:
loa harrotzen da, ez du hil nahi gosarian.
Eman bizkarra erlojuei, ene laztana,
gurina urtu da prentsa irakurtzerako.
Txori garenez, daukagu biok adar bana.
Iritsi behar da hegaz norberarengana,
indar, tenple, umore eta gogo biltzeko,
bizkarrean hartu aitzin munduaren zama.