Pozaren erdia
Pozaren erdia
2022, poesia
88 orrialde
978-84-19570-01-7
Azala: Nagore Amenabarro
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

AHANZTURA

 

 

                   I

 

Ezin bilakatu inola ardotan ura,

ur gazia ur geza bihurtu bai, ordea;

ehun urte barru nork gogoratzen du nor, ea,

latsak daroan hostoa denean ardura?

 

Zenbat algara eta negar bere kontura,

amodio-xuxurlak, galdu arte konortea…

Gaur, berdintsu zaigu bat izan edo bestea;

gogoratu ezean, ezin opa zortea.

 

Beharbada, ahaztea da teila soltea,

zangoa bat-batean sentitzea kolokan;

hurrena, teila solterik bazenik ahaztea.

 

Horrela eraikitzen dugu gure etxea,

ustez ibilera zuzen, sendo eta finkotan:

arroztasunari men, orainari fedea.

 

 

                   II

 

Beti dago, halere, gertatu da inoiz,

txingarraren berpizte, ezusteko dantzara

deituta dena ipintzea ifrentzutara,

goiza zena bihurtzea gau eta gaua goiz,

 

aspaldi-sakona gogoratzea malko doiz,

elkarren eskutik irteten ginela lehen plazara,

plazatik irteteko gero baso basara,

begiradak piztuta eta orkatilak lohiz.

 

Iskin egin digute eta guk tanpez zirkin;

deserosotasuna edo ahanztura den,

nahi izanda ere, ezin dugu segur jakin.

 

Ahanzturak saihestu baititu hamaika min

ahanzlearen larruan, baita sartu ezten

zenbatezinak ahaztu koitaduari berdin.

 

 

                   III

 

Hurbildu ingurura ahanzle eta ahaztu,

adostu behar dugu zerbait biltzar ttipian:

ipin ditzagun oroitzapen onak erdian

—norberak badaki txarrekin nola jokatu—.

 

Xeraz oroitzeko, tentuz itzazue uxatu

oroitzapen satorrak oro; lur azpian

jukutriak, bakarka aztertzeko, agian,

xoko isilenera ditugu apartatu.

 

Bagara nor zerbait oroitzen dugun neurrian:

zuk oroitua ere bada nire balantza;

oroitua aldatzen da talaia berrian.

 

Begira zer dakarren eguzkiak izpian:

bizitza berridazteko luma aski zorrotza

hosto bustiekin egingo dugun habian.