Sortaldekoak
Sortaldekoak
2021, poesia
136 orrialde
978-84-17051-72-3
Azaleko irudia: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2012, poesia
2008, poesia
 

 

 

BLAS LOPEZEKO ETXEA

 

 

Hegaldi askean airea bereizi eta bere kontrajarpena sentitzen duen uso arinak airerik gabeko espazioan hegan hobeto egin ahal izango lukeela errepresenta lezake.

Immanuel Kant

 

 

Blas Lopezeko etxea ezagutu aurretik,

Gasteiz erdiguneko astean zeharreko

gure aurrekontuko menu gehienak dastatu genituen.

Aspaldiko lagunak bezala hasi ginen ia hasieratik.

 

Polita izan zen Anderrek,

garaian pisukide nuen lagunak,

nola esan zion bekadunen bulegoan:

— Bitxia da zuek biak lagunak izatea,

hain euskalduna bata,

hain espainiarra bestea.

 

Baina ni ez nindoan Blas Lopezera

entsalada jatera ala kafea edatera,

joaten nintzen ez nuelako hartuko

erabaki nabarmenik bera entzun arte.

Ez dudalako bidaltzen testu erabakigarririk

bere kritika metabolizatu gabe.

 

Uztaileko makalak ia uda osoa dauka

haizeek hostoak astintzeko.

Horregatik, sarritan jarri naiz okerrenean,

berak lehenago uztea mundu hau,

nola pentsatu orduan,

nola ulertu sentitzen dudana, zeri ekin.

Berak erakutsi dit bere sarea,

bera da Spinozaren, Lacanen, Catherren

ordezkaria gure solasaldietan.

Kalorien, dieten, alergenoen, alkimiaren

eta azukrearen jakintzarena.

 

Laguna aspaldi ez dela han bizi.

Orain birtualki jasotzen ditut Kafka,

Bolaño eta Döblin, ez dut ikusten kuartela

egongelatik, ezta institutua ere

bere osabarena zen logelako leihotik.

Gogoratzen dut bere anaiak

amonari egin zion koadroa, egongelakoa.

Eta presente ditut bere bikotekide ohiak,

bizitza horiek, porrot horiek,

nireak balira bezalaxe.

 

Kaleari izena aldatu zioten, ijitoekin lotzen

zuelako hiriko jendeak,

baina guretzat beti izango da Blas Lopez.