GURE ZAKURRA
Zakurrak eskuak miazkatzen zizkion otzantasun seinale gisa, kaleko zakur askearen bizitzari uko egitearen behin betiko seinale gisa, zegoen eta etorriko zen guztiaren onarpen seinale gisa.
Vasili Grossman
Institutuan izan genuen
Historia irakasle onena izan zen.
Izan genuen irakasle on
bakarretako bat, gainera, mendebaldekoa.
Bazen berari buruzko mito bat:
zakurra hil zitzaionean
baimena hartu zuela, tristurak jota.
Iseka egiteko motibo bat iruditzen zitzaigun:
nola egon zitekeen hain goibel
zakur ziztrin batengatik.
Orain etorri zait gogora, Gabonen atarian,
Lua sabel eta maskuri hustera atera,
eta negarrez hasi naizenean pentsatzen,
egunen batean, ez dela gure artean egongo.
Zakur bat da, zuria eta bastarta Laika bezala,
Belka eta Strelkaren orbitakoa,
kaleko zakur bat, beldurtia, ez ur zakurra
ezta artzaina ere. Sagu-zakur bat,
begirada tristeko izaki lasterra.
Sarritan karga gisa tratatu dugu:
Norenean utziko dugu oporretara joatean?
Eta uste dugu berarentzat dena garela.
Etxean sakelakoa utzi,
euripean kaputxa jantzi,
Iratxe eta Fitero monasterioen arteko
izenik gabeko plazetara joan.
Entzun ipod zaharrean Rosaliaren
Yo x Ti, Tú x Mí ala Suaren Cliff.
Negarrez ari naiz zure galeran
pentsatzeagatik. Egia esan, gerta daitezkeen
gauza lazgarrietan laztura txikiena
sortzen didana da.
Entzun Fernando de Noronha
Vincent Delermena:
Galdera mordoa egiten zenizkidan,
hegazkinak, maitasuna, izar iheskorrak.
Eta gaur gauean hitz egiten didazu
mendi hegalean...
Lua askatu, eutsi, txistuarekin deitu.
Auzokidea atarira iritsi, zigarrokina lurrera
bota, zapaldu, eta bere eraikinera sartu da.
Ibilian jabetu naiz uzkia narritatua dudala,
ez nekien hemen esateko modukoa zen,
baina Gabriel Arestik ez ote du bere
odoluzkiaz hitz egiten poema batean.
Negarrez ari naiz ez dudalako nahi
gure zakurra, inoiz, hil dadin.