Sortaldekoak
Sortaldekoak
2021, poesia
136 orrialde
978-84-17051-72-3
Azaleko irudia: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2012, poesia
2008, poesia
 

 

 

SAHATS NEGARTIA

 

 

Ziudadela erdigunean zegoen

gure haurtzaroko arte ederren

lurralde nagusia.

Larrea eskultorearen sigi-sagaren

barrenetik botatzen ginen txirrista bailitzan.

 

Mitologia bat zuen eskulturak,

lantzean behin beste haur batek

kontatzen zizun lehengusina bati

burua harrapatuta geratu zitzaiola

burdinen tripa adabegitsuetan eta suhiltzaileak

etorri behar izan zirela ateratzera.

 

Sahats negartiaren inguruan zegoen mundua:

musika egiten zuen iturria,

Odiseo gudaria, Eslavaren izarra,

Agirreren marmol puska, Mirallesen izara,

Juarrosen pieza, Basterretxearen sorgina.

 

Toki sakratua zen hura guretzat,

erakusketak ikustera joaten ginen,

eta kanpoaldean xiringak topatzen genituen,

Somalia eta Ruandako telebistako irudiak

auzoko heroinomanoenekin nahasten zitzaizkigun.

 

Orratz erabilien zelaietan, harresien

eta glazisaren artean, irakatsi ziguten tenisean,

Oteiza izan nahi zuten Aizkorbe,

Sada eta Orellaren metalez inguratuta.