Sortaldekoak
Sortaldekoak
2021, poesia
136 orrialde
978-84-17051-72-3
Azaleko irudia: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2012, poesia
2008, poesia
 

 

 

ZOR DITUDAN GUTUNAK

 

 

Urtebete lehenago 1918-1919ko

Alemaniako iraultzen inguruko liburua

aurkezten egon zen Kale Nagusian,

sarritan gertatzen zen bezala, Merced karrikan

hartu zuen ostatu. Urte eta erdiz

gutunak eta liburuak

bidali genizkion elkarri Cesarrek eta biok,

halako batean aitaren etxeko

helbidea eskatu zidan.

Erantzungo niola, erantzungo niola,

eta egunero nuen bezpera.

Handik gutxira eraman zuten aita ospitalera.

Ez zen lehenengo aldia gutun truke

garrantzitsu batean huts egiten nuela.

 

Hamalau urte lehenago,

unibertsitateen arteko

topaketa batean egon nintzen.

Babelsbergeko aterpe hartako

literetan ginela, Zipreko

neska greziar bat ohera

sartu zitzaidan eta oharkabean

muxuak ematetik felazioa egitera

pasatu zen eta egun hartara arte

uste nuen ez zitzaizkidala

bereziki gustatzen felazioak.

Baina lagun homosexual batek

beste intentzio batekin behin

esan zidan bezala, hori zen ordura arte

jasotakoak ez zizkidatelako ongi egin.

 

Literen gelan poloniar bat

zegoen lotan, abizena ongi ahoskatzen

ahalegintzen ginen baina ez genuen

lortzen, eta bazen portuges bat,

eta baita beste jatorri batzuetakoak ere.

Bitarte hartan gertatzen zen ordura

arte izana nuen gozamenik handiena.

Egunez Sanssouciko ikasmahaien

distantziatik begiratzen genion elkarri,

irribarre horrek, hitza eskatzeko bere

beso altxatuak kulunkatzen ninduen

haizeak makala udazkenean bezala.

 

Berlingo afixa erraldoiek Penelope Cruz

erraldoi bat erakusten zuten, mitxoleta gorria

ilean zuela, eta ikasle-irakasle

Patos jatetxe greziarrera joaten ginen

Rudolf Breitscheid karrikara: bandera zuriko

eta iparrorratz hautsiko gizonaren omenez.

 

Neska argala zen

eta belarriak berotzen zitzaizkidan

alboan nuenean esan zidan arte,

Potsdamgo zebrabide bat gurutzatzen,

ikaskidez inguratuta,

bere ametsetako gizona nintzela.

 

Gero topaketak bukatu ziren

eta bere aberkide batek

eposta bat idatzi zidan neure helbidea

zein zen jakiteko, eta bidali zizkidan

Björken CD batzuk Iruñera,

nahiz eta ni Berlinen nengoen.

Kosta egiten zait gutun batzuk,

garrantzitsuak direnak, idazten hastea,

erantzungo ditudala, erantzungo ditudala,

eta ez ditut erantzuten.

Hasieran oso arrotza egin zitzaidan

CD horietako musika.

 

Bai, erantzun nion neskari, behin baino

gehiagotan, nahiz eta ez nuen jakin esaten

entzun nahi zuena ez nekielako

neure buruari ere erantzuten.

Berak eman zizkidan azalpen batzuk,

baina bere burua kontinentetzat duen

lur puska honetako bi puntetan ginen

hasieran, bata Berlinen, bestea Atenasen,

eta gero Ingalaterrara joan zen

eta segidan bestelako txolarreak sartu ziren

bere bizitzan eta nirean.

 

Handik gutxira jakin nuen

Babelsbergeko futbol taldearen zelaiak

Karl Liebknechten izena zeramala.