Sortaldekoak
Sortaldekoak
2021, poesia
136 orrialde
978-84-17051-72-3
Azaleko irudia: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2012, poesia
2008, poesia
 

 

 

ISPILU HANDIA

 

 

Bruselara hegazkinez

iristen nintzen lehenengo aldia zen.

Zaventemeko aireportuan jaso ninduzunean

trena hartu genuen, gero autobusa

eta iritsi ginen zure logelara

eta jo genuen larrua gogor.

Jaitsi genuen eskailera egongelara,

edan genuen ura, atera zenuen jana,

jantzi ginen.

 

Igo ginen segidan

zure pisukideak lo egiten zuen ganbarara

asteburuan gurasoenean zegoelako

eta larrua jo genuen berriz.

Eta itzuli ginen egongelara eta

biluzik besarkatu zintudan Victor Greyson

karrikako ispilu handiaren aurrean.

 

Eutsi nizun bular bakoitza esku batekin,

kontu handienaz,

ukitzen diren bezala lore lehorrak

ez dakizunean hautsi daitezkeen,

eusten den bezala txito bat,

ferekatzen den bezala gurpil-aulkian

doan andre zaharraren burua,

eta esan nizun bular ederrak zirela.

 

Bereizi zinen niregandik eta esan:

— Niri ez zaizkit gustatzen,

ez zaizkit batere gustatzen.

Eta hasi zinen atzera egiten,

lurreko arropa jasotzen,

Hansel eta Gretel bazina bezala.

 

Nik jarraitzen nuen biluzik baina

zuk jantzita zeneuzkan larru argiko

bota altuak eta amonak egin zizun fular gorria.

Handik urte batzuetara, andre hark

oinazetuko zintuen esanaz

pilula batzuk hartuko zituela

bizitzak merezi ez zuela uste zuen egunean.

 

Jantzi nintzen, jarri nuen jertse militarra ere,

berde iluna, eta jaitsi ginen

plazara patata frijituak jatera eta eseri

Ixellesen dauden bankuetan eta esan zenidan,

gerora ostera bisitatuko zenuen

goibeltasun batekin:

— Ez dut gorputz itsusi bat

baina ez da dagokidan gorputza,

dauzkat bular handiak,

aldaka zabalak,

ama baten gorputza daukat

ama izan gabe,

ez du bat egiten nire izaerarekin,

nire energia eta urduritasunarekin.

 

Ez nuen jakin zer egin,

nire 21ekin zure 22ko

gorputza ezagutu nuen

ederrena iruditzen zitzaidalako.

 

Zuk erakutsi zenidan Tsvetaieva

eta Akhmatovaren argaltasuna,

Politkovskaia militar zerri horrekin oheratzen

eta Alain Gresh eta antisionismoaren mapa,

zurekin jakin nuen hil dezakezula

jende gehiago matxeteekin trenekin eta

gas ganbarekin baino,

zurekin ulertu nituen Erdi Aroko basoak.

 

Hiru bosturteko geroago

esan zenidan haurdun zinela,

baina nik ezin nizun jada galdetu

nola sentitzen zenituen zure bularrak.