Sortaldekoak
Sortaldekoak
2021, poesia
136 orrialde
978-84-17051-72-3
Azaleko irudia: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2012, poesia
2008, poesia
 

 

 

TANZANIAKO DORTOKA

 

 

Zuretzat, itzaliko dut iluna.

Zuretzat, eskuetan eguna.

Zuretzat, hodeien gozo leuna.

Zuretzat, bihotzeko laguna.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots

 

Orain, astelehen guztiak dira

2020ko urriaren 26a.

Donibanetik bizikletan atera,

Arrasate okindegia itxita topatu,

beste okindegi batean moldeko ogia erosi,

Merced karrikara joan, sarreran ogia utzi,

txirrina jo eta balkoira ateratzen zara

Brasilgo izerditako urdinarekin.

Eta hitz egiten dugu azkenekoz

Lolak, zuk eta hirurok.

 

Orain, astearte guztiak dira urriaren 27a.

Goizean deituko didazu, hanka sartu duen

haurraren ahotsarekin esateko atarian zaudela

anbulantzia baten zain, larrialdietara joateko,

familiako medikuak esan dizula.

Eta handik bi ordutara zain zaude oraindik.

Eta gero larrialdietan, baina

nik ezin zaitut ikusi, ez didate uzten,

pandemiako osasun protokoloengatik.

 

Zeren orain asteazken guztiak dira

bi egun zeharo ezberdin:

bata da lokartu ostean esnatu

zintuzten goiz bakarra

eta vadit pars: bi lira koxkor

harrizko eskaileretarako.

 

Zeren orain igande guztiak dira

zaintzako medikuarekin, bilera gelan,

eztabaidatzen dudan eguna, esateko baietz,

gure alabak agur esan nahi diola

lokartu duten aitatxiri,

haien gomendioen kontra

abestuko diogula Haize hegoa,

Katu bi eta Furra furra.

 

Gaztelerazko aldizkariak bakarrik dauden

itxarongelan gaude eta nire zoriontasunak

bederatzi zuhaixka dauzka hazteko.

Gogoa joaten zait hiru hilabete lehenago

uztailaren 25ean Kale Nagusian

egin genuen argazkira,

elkarrekin bazkaldu genuenera,

Ziargik eta Raphik Tintinen

espaziontzia eredu hartu

eta zurez egin zuten bizikletara.

 

Zeren orain hiru senide falta zaizkigu:

argazki horretan zeuden bi

papera bezain ogi lehorrarekin,

mendiko garirik gabe.

 

Orain, gogo hori lotzeko,

zurezko dortoka beltz bat daukat

Iringatik ekarria,

egongelan jarri dugu

disko biragailuarekin

eta gela osoa okupatzeko

asmoarekin hazten ari den

landarearekin batera.

 

Raphik oparitu zigun,

gogoa egun horietara

joaten zaigunero

aldamenean izan dezagun, geldi.