Sortaldekoak
Sortaldekoak
2021, poesia
136 orrialde
978-84-17051-72-3
Azaleko irudia: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2012, poesia
2008, poesia
 

 

 

DRAGOIAK

 

 

O, nire herria, hain zauritua lehenaldian,

zaildu zara, abesti handia doinutzen.

Sentitzen ditut nire hegalak eta itzultzen naiz

gure etxeko muino eta uretara;

iruditu zait gure osaba ikusi dudala,

hain zaharra honezkero, baina betirako gazte,

Ba Dinheko bere lorategi txikian,

hain lasai, hain pausatu,

bere sustraien kolorezko arroparekin,

eta kautxuzko bere sandaliekin.

Mapamundi batean markatu ditu

gertuko eta urrutiko albisteak,

bere arkatz gorriarekin marrazten du

etorkizunaren bidexka.

Bizar zuriak dardara

egiten dio goizeko eguzkiari.

Xuan Thuy

 

Enperadorearen lorategian lo egingo

genuela uste genuen bezperan.

Sahatsek ura tindatzen zuten,

erresiņolak entzuten genituen,

gurea zen errekaldea,

dragoiak ginen, zerua eta sua.

 

Xuan Thuyren profezia

abesten genuen iluntzero,

gehiegi maite genuelako

etorkizuna eta gehiegi iragana.

 

Iruditu zait gure osaba ikusi dudala:

Juan Berezibar Ormazabal.

Baina ez zeren Intxortan

hil baitzuten, Dragoien batailoiko

gudaria zen, JSUko kidea.

 

Iruditu zait gure osaba ikusi dudala:

Luis Berezibar Ormazabal.

Baina ez zeren Balmasedako erretiradan

hil baitzuten, Dragoien batailoiko

gudaria zen, JSUko kidea.

 

Iruditu zait gure izeba ikusi dudala:

Francisca Ojanguren Iribekanpos.

Baina ez zeren Oiartzunen

hil baitzuten, 36ko gauean,

Angiozarkoa zen, Zuazketa baserrikoa.

Iruditu zait bere senarra ere ikusi dudala,

baina ez zeren nork jakin non

desagerrarazi zuten

Roman Berezibar Ormazabal.

Argazki bat utzi dute itsasontzi honetan:

mendian daude eta Romanek

botila bat du eskuin eskuan, Franciscak

edalontzi bati eusten dio.

 

Iruditu zait gure osaben osaba ikusi dudala:

Amadeo Berezibar Aspe,

Plus Ultra tabernaren sortzailea eta langilea.

Baina ez zeren taberna eta etxea

atzean utzi eta Bartzelonara ihes

egin baitzuen Simona Ormazabal Iņurrategi

emaztearekin. 38ko bonbardaketa

batean hil zituzten elkarrekin.

 

Sahatsek ura tindatzen zuten,

erresiņolak entzuten genituen,

gurea zen errekaldea,

dragoiak ginen, zerua eta sua.

 

Izkiriatzen ari naiz

eta eskuetan dut argazki bat,

hango ia guztiak zarete dragoi,

ia guztiak Errekalde:

Luxio, Jose Mari, Zezilia, Edurne,

Pilar, Amadeo, Felix, Roman,

Simona, Ana Mari, Emili, Nati.

 

Arkatz gorriarekin marrazten dut

etorkizunaren bidexka.

Erabiliko ditut liburutegi guztiko bertsoak,

baita etsaienak ere, esateko:

“Ez dut paradisura joan nahi,

borrokan segitu nahi dut.

Nahi dut zuen gorputza,

borrokan segitu ahal izateko”.

 

Filippo, bertsoak ere lapurtuko dizkizugu:

italiarren kontra, falangisten kontra,

nafarren kontra, herriko karlisten kontra,

lantegietako nagusien kontra,

artzapezpikuaren kontra.

Arkatz gorriarekin marrazten dugu,

dragoiak gara, zerua eta sua.

 

Iruditu zait gure osaba ikusi dudala,

trinketean dago, talde sozialistako

zuzendaritzarekin, Leninen erretratuaren azpian.

Iruditu zait ikusi dudala

Bitor Berezibar Ormazabal.

Baina 34ko iraultzaren porrotarengatik

Toursera erbesteratu zen,

eta gero Gurseko kontzentrazio

esparruan hartu zuten preso,

eta porrotaren porrotean, itzuleran,

20 urte eta egun bateko

kartzela zigorrera kondenatu zuten.

 

Iruditu zait gure izeba ikusi dudala:

Leonor Berezibar Errasti.

Baina ez zeren garbitasun lanetara

behartu baitzuten Elisa eta Carmenekin.

 

Iruditu zait gure lehengusinak ikusi ditudala:

Nati, Ana Mari, Jose Ramon, Nieves, Olga.

Baina ez zeren haur deportatuen zerrenda bat da

esku artean dudana, begira, gure aitaren

bi ama pontekoak daude: Nati eta Ana Mari,

bi ama ponteko, bi erbesteratu.

 

Iruditu zait gure sortaldea ikusi dudala

Union Cerrajerako sarreran:

Juan, Luxio, Roman, Maria,

Maria Juana, Bitor, Zezilia, Gabriela,

Amadeo, Ziriako, Luxio B. Ormazabal,

Mikaela, Luxio B. Galdos.

Baina ez, dokumentu bat dut esku artean,

zerrenda bi dira

zerrenda bakarrean:

lantegira itzultzea debekatu zieten

langileen izenak dira

eta lehenago bertan lan egiten zuten

gure senideen zerrenda.

 

Dragoiak daude gure itsasontzian,

mendigoizaleak,

baina Ziriako zergatik dago?

Ez zuen inon militatu,

ez zuen fusilik hartu,

Udalatx igotzen zuen ziztuan

espartzuzko espartinekin.

Gertuko eta urrutiko albisteak

arkatz gorriarekin marrazten ditut,

baina Ziriako gizon isila zen,

haurtzarotik fabrikako langilea,

urtean behin abesten zuen:

Goiko mendian elurra dago

errekaldean izotza.

Gabon gauez.

 

Sentitzen dut Makatzena,

Angiozar, Kanpazar.

Sentitzen dut Union Cerrajera,

trinketea, kuartela, Cucharera.

Sentitzen dut komentua, parrokia,

eliza, portaloia, Udalatx, Elorrio.

Sentitzen dut Durango, ELMA,

Normandia, Ondarretako kartzela,

Gatzaga, San Andres, Santa Ageda,

San Kristobal, Angiolilloren

exekuziorako bidea oinez.

Sentitzen dut Aretxabaleta,

Oņati, Batzokia, Asturias, Bartzelona,

Gasteizerako trena, Aramaio.

 

Sentitzen ditut nire hegalak eta itzultzen naiz

errepide bat egiteko suntsitu zuten

zure etxeko muino eta uretara.

Pilar, zaildua, abesti handia doinutzen.

 

Iruditu zait gure osaba-izebak ikusi ditudala,

gure aitona-amonak, lehengusu-lehengusinak,

maitaleak, gurasoak, birramonen birramonak.

 

Sahatsek ura tindatzen zuten,

erresiņolak entzuten genituen,

gurea zen errekaldea,

dragoiak ginen, zerua eta sua.