AZKEN NAHIA
Eta nik alde egingo dut. Eta txoriak geratuko dira
abesten.
Juan Ramon Jimenez
Orain
lortu dut neu egongo ez naizenean
abestuko duten zozo guztiengatik ere poztea.
W.H. Auden
Urriaren 27an larrialdien eraikinetik
ospitaleko solairu arruntera
eraman zutenean
hiru gauza eskatu zizkidan:
azazkalak moztekoa, eskuetarako
krema hidratatzailea eta liburuak.
Camusen Los justos eta Bozalen
Pinturas negras de Goya eraman nizkion.
Ez zen inoiz libururik gabe etxetik ateratzen,
harritu ninduen bat bera ere gainean
ez zeramala jakiteak, esan egin nion,
erantzun zidan ez zeramala bakar bat ere.
Biharamunean galtzontzilloak eskatu zizkidan.
Mariari, galtzerdietakoarenari,
erositakoak eraman nizkion.
Nola jakingo genuen 2020an hilko zirela biak,
Merced karrikako seme-alabak.
Hil eta ospitaleko objektuak
itzuli zizkigutenean,
bi libururen tokian
hiru jaso genituen:
Camus eta Bozalez gain,
Audenen El prolífico y el devorador libratu ziguten.
Ez dut inoiz jakingo hura
hartu zuenean zetorkionaren kontzientzia
zuen ala une hartan, ezkutuan,
irakurtzen zuena ote zen.