INSTITUTU ALDAKETA
2003ko ekainaren 2an irakasleak
Historia eman behar zigun
baina eskola hasi aurretik galdetu zuen
zer gertatu ote zen aurreko egunetan.
Ezaguna zen Nieves
eduki politikoa zuten afixak
gelatik kenarazten zituelako.
Egun batzuk lehenago ETAk
Bonifacio Martin eta Julian Embid
poliziak hil zituen Zangozan.
Garai hartan indarkeriaren kontra nengoen:
zetorren tokitik zetorrela,
testuinguru guztietan.
Irakasleak azaltzen zizun
Ekonomia Politiko Berria
Stalinek abiarazi zuela, adibidez.
Ez nuen eskola hartan hitz egiteko
asmorik, baina aurreko larunbatean
Jose Maria Aznar presidentea etorri zen
katedraleko hiletara,
Poliziak auzoa okupatu zuen
eta ezin izan nintzen nire kalean sartu.
Esan nuen absurdoa iruditzen zitzaidala
Iraken kontrako gerra hasi zuen gizona,
milaka zibilen heriotzaren erantzulea,
Iruņera etortzea bi gizon horiek
hil zituztenei “hiltzaile” esatera.
Irakaslea, metro eta erdiko emakumea,
garrasika hasi zitzaidan
negarrari eman nion arte,
indarkeria justifikatzen omen zuten
nire hitzek.
Ez nuen gainditu hiruhilabetea.
Irakasleari esan nion azterketa
aitak ikustea nahi nuela,
esan zidan zergatik etorri behar ote zen bera,
esan nion adin txikikoa nintzela.
Tutorearen babesa izan nuen,
zuzendaritzak beste alde batera
begiratu zuen, ohiko praktika zen
irakasle horrena.
Alde egin nuen, azken urtea han ez egiteko,
horrela iritsi nintzen institutu berrira.