Sortaldekoak
Sortaldekoak
2021, poesia
136 orrialde
978-84-17051-72-3
Azaleko irudia: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2012, poesia
2008, poesia
 

 

 

PASEOA

 

 

Zizur Nagusian kotxez utzi ninduen anaiak

Tereren landareak ureztatu behar nituelako.

Etxera bidean, Zizur Txikitik oinez,

ikusi nuen traktore berde batek

nola jasotzen zituen lasto-zamak

Iruñerriko arroan geratzen diren azken landetan.

 

Zakur gorozki dezenterekin egin nuen topo

garaian Miguel Javier Urmenetak

Opus Deiri oparitu zizkien belardietan.

Eta gurutzatu nuen nazien lagun zen aita santuaren

omenezko etorbideko lehenengo zebrabidea.

 

Han barna nabilenero oroitzen naiz

nola jaisten nintzen autobusetik

gure amatxi, ordurako alarguna, bisitatzeko,

nire helduaroaren hasieran,

bazkaltzeko berarekin leka patatak

eta arrautza frijituak puntillarekin.

Berak, leken ostean,

oilasko bularkia egiten zuen

edo jaten zuen urdaiazpiko egosi pixka bat.

 

Bera zen detektibeen telesailen

fan handiena: Colomboren solasaldiak zekizkien,

ikusten zuen Rex soinurik gabe, ilunpetan,

eta asmatzen zuen nor zen hiltzailea,

buruarekin baietz esaten zuen Monken aurrean,

CSIrena parafernalia gehiegizkoa iruditzen zitzaion

eta Diagnóstico asesinato beste erremediorik

ez zegoenerako. Zekizkien buruz egongelako

Agatha Christierenak eta logelako

Arthur Conan Doyleri zion estimu handiena.

 

Txankletekin luzaro ibili ostean,

etxera iristean, poltsatik atera nituen

Arrasaten erositako

pistolak eta rellenoak.

Utzi nituen mahai gainean

asteburuko egunkariekin batera,

epai bat beharko banu bezala

jakiteko hamarka kilometrora

erositako sukalderako material

topaezin horrekin zer egin.

 

Afalordura arte utzi nituen han,

jabetu nintzen arte nik ez nuela

egin nahi berakatz zoparik

Pilarrek egiten zuen bezala,

ez nituela rellenoak jan nahi.

Nahi nuena zela berarekin egon,

beste hamar urtez gure aldamenean egon zedila,

oraindik egon zedila bizirik.