CURRICULUM EZKUTUA
Urteekin ulertu nuen
Euskal Herriko Unibertsitateko
plan pedagogikoaren barruan,
ņabardura harrigarriz,
planifikatuta zegoela
Berlinen, laguntza bati esker,
ezagutuko nuen neskalagun belgikarrak
erakutsiko zidala pentsatzen, izkiriatzen
eta oin-oharrak jartzen
lan akademiko bati.
Ulertu nuen, baita ere,
gobernantzak gure hezkuntza
afektiboari eman zion tokia
Euskal Herriko Gazte Orkestraren bidez.
Substantzien erabileraz
ikasteko tokia izan zen eta,
zergatik ukatu,
entrenamendu handia
ahalik eta gutxien lo eginda
inoiz baino musika gehiago jotzeko.
Eibarko topaketetako batean
nire sexu esperientzia polarizatuko zuten
bi gau izan nituen.
Bi neskak atrila partekatzen zuten,
biak ziren gasteiztarrak.
Batekin gau osoan dantzatu nuen,
bestearekin zuzenean joan ginen ohera.
Lehenak adats beltza zuen, leuna,
eta oheratu ginenean
nahiago izan zuen arroparik ez kentzea.
Handik urte batzuetara Donostiatik
Gasteizerako busean topo egin genuen
eta kafe bat hartu Artiumen,
etxe handi bat zuela jakin nuen,
saunarekin, eta bere aitak motorrak zituela.
Bere atrilkideak bularra
suntsitu zidan hozkadaka,
baita beheko ezpaina barrutik ere,
eskumuturretatik eusten zidan, eta indarra
egiten zuen aurpegia eta saihetsen kontra.
Bere ahoak eta ileak tabako kiratsa zuten.
Erakutsi zidan gaueko kebab
goxoenen artean bereizten, noizean behin
ukabilkada bat emanez sorbaldetan.
Beste noizbait elkartu ginen berriro,
sexuan beldurra ematen zidan
eta Gasteizen arrotza zen euskara bat zuen,
bere amarena.