AUDI A4 ZURIA
Ez busti bakarrik
sasoiko dagoen belardia ala bakarrik ihargarria,
emaiozu lur soilari zure hozkirria ere.
Bertolt Brecht
Lehenengo begiratuan, ezkien azpian,
Audi A4 zuriak
Graciano Iriarte Lopezek
23 urte lehenago
erosi zuena zirudien.
Baina Graciano hil egin zen
eta bere alabak oinordetu zuen kotxe hura.
Teseo eta tripulazioa Kretatik
itzuli ziren itsasontziak bezala,
Audi A4ak aldaketak jasan ditu
transmisio uhalean,
ardatzetan, balaztetan,
malgukietan, baterietan,
gidagailuan, aurreko argietan,
turboan, aurreko eta atzeko hegaletan.
Horregatik, 2020ko abuztuaren 9 hartan,
Audi A4 zuriari
ke urdinxka ateratzen hasi
eta garabi bat Zabaldikaraino
etorri behar izan zenean
greziar legenda itzuli zen
solasaldira:
San Kristobalek
babesten zuen kotxe hura
Gracianorena zen oraindik eta,
beraz, merezi zuen konpontzea
eta berritzea, piezaz pieza,
ala, aitzitik, beste izaki bat zen honezkero?
Hamahiru urte lehenago dibortziatutako
gizon batek garraiatu zuen
istripuaren tokitik,
gizona astean zehar mekanikaria zen,
jaiegunetan garabi gidaria.
Graciano
Nafarroako goma pilotako txapelduna izan zen banaka
1990ean, 1992an, 1993an eta 1994an
eta bikoteka
1988an, 1989an eta 1991n.
Egun batean Gracianoren
zangoek huts egin zuten.
96ko martxoan ospitaleratu zuten
afera psikiatrikoa zirudien zerbaitengatik,
topatzen ez zuten minbizi bat zirudien gero,
azkenerako Cushing ezkutuaren sindromea
diagnostikatu zioten.
Sanferminen aurretik atera zen ospitaletik.
Urte hartan estreinatu zuten Audia
Zizur-Mancha Real bidean,
Aste Santuan,
Gracianok gidatzen zuela,
eta Ciudad Realetik gertu
bele bat lehertu zen
kotxearen ezkerreko faroaren kontra.
Hurrengo urtean, Gracianoren
iloba ari zen gidatzen
eta Soriatik gertu
orein bat harrapatu zuten.
Alde egin zuen adardunak.
Hilotz mindurik gabe, aseguru etxeak
ez zituen kalteak bere gain hartu.
2020ko abuztuaren 9an hil zen
Audi A4 zuria, egun hartan bertan
izango zen Gracianoren urtebetetzea,
minbizi luze batek 2007an
hil izan ez balu.
Ez aseguru-etxeak
ezta mekanikariak ere
ez dute ulertzen zergatik
berritu behar den
Aretaren ibaiertzean
Egeo itsasertzean bezala
garbitzen zuten bolido zaharra.