NIRE AUZOKIDEEN HERIOTZAZ
Batzuetan gure auzokideen
heriotzarekin egiten dut amets.
Afera erabat logistikoa da,
nik maite ditut Miren eta Juan,
auzokide maitatuak maitatzen
diren modu horretan, jende zintzoa dira.
Ez dut ezer txarrik nahi haientzat,
ez zaizkit auzokide hobeak okurritzen.
Beroak dira tratuan baina ez dira astunak.
Gainera, Juan da, lehenengo solairuko Koldorekin,
oraindik hitz solteak soilik esaten
dituen gure alaba eta ni neurekin batera,
eraikineko euskaldun bakarra.
Galera handia litzateke, beraz, gure akustikan.
Batzuetan haien heriotzarekin
egiten dut amets zeren gure etxeak
soilik 67 metro koadro dauzka.
Gela guztiak dira txikiak, bereziki komuna.
Bururatzen zait auzokideen
etxea ere gurea balitz liburuak eta idazmahaia
dauzkagun gelako horma behera bota genezakeela,
geratuko litzatekeela halako egongela elegante bat,
gure oraingo bi gelaren tamainakoa-edo.
Eta, gero, beren logelaren eta egongelaren arteko
horma ere bota genezakeela eta horrela geldituko
litzatekeela gela txukun bat non liburuak
patxadaz izango genituzkeen gure etxe bikoiztuan.