Sortaldekoak
Sortaldekoak
2021, poesia
136 orrialde
978-84-17051-72-3
Azaleko irudia: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2012, poesia
2008, poesia
 

 

 

FUNTZIONARIOAK

 

 

Iruņa kafetegiak Gaztelu plazako

metro koadro gehiago pribatizatu zituen

Udalarekin besoz beso.

Oinezkoentzat izatekoa zen eremua

orain negozio pribatu batentzat da

merke eta on, elkarlan publiko-pribatuan.

 

Aitak gaztetan militatu zuen alderdiaren

fundatzaileetako batekin nuen hitzordua.

Doktore jubilatu berriak kafesnea eskatu zuen

Iruņa kafetegiko terrazan, eguneko bigarrena.

— Gu erantzuleak izan ginen,

ez dakit belaunaldi gisa hitz egin daitekeen.

Baina gure belaunaldikoek

hiru ahots nagusi izan genituen:

batzuek Trantsizioa loriatu zuten,

beste batzuek Trantsizioa txarretsi zuten

baina, pribatuki, porrot egin zuten,

eta beste batzuek ahalik eta lan onena bilatu

eta aurkitu zuten.

Gurea da erantzukizuna,

iraultzaile izan ziren horiek guztiak

edonongo funtzionarioen berdinak izan dira:

munduari asko exijitu diote,

politikariez gaizki esaka beti,

baina beren eguneroko ekarpena

negargarria izan da.

 

Isilik geratu zen doktorea.

Gero, haserre, berriz hasi zen:

— Baina askoz okerragoa izan zen

juxtu gure osteko belaunaldia.

Ez zuten ostia bakarra jaso:

ez kartzela, ez tortura, ez erbestea.

Buruan zuten bakarra postutxoak lortzea zen,

anbiziorik ez zutenak administrazioan han,

irakasle hemen, anbizioa zutenak

zuzendaritzetan ala goraxeago.

Langile jendearen okerrena izan gara,

talde gisa, funtzionarioak eta

funtzionario izan nahi zutenak.

Zaila da esatea ezkerrekoa bazara,

baina beste langileek baino

baldintza askoz hobeak dauzkagu,

bigarren etxebizitza, autokarabana,

opor eta bestelako gastuetarako dirua.

Frakaso bat izan gara.

 

Gizona ez zegoen pozik,

esan zituen gauza interesgarriak

baina bakar batek ere ez zuen

Liga Komunista Iraultzailearekin loturarik.

 

Hartu nituen bospasei kafe

aski jende apartarekin,

konturatu nintzen arte

nik hil berria zen aitarekin gelditu nahi nuela

eta ez bere gaztaroaz hitz egiteko

deitu baina bestelako gauzak kontatzen

zizkidaten gizon-emakumeekin.