Sortaldekoak
Sortaldekoak
2021, poesia
136 orrialde
978-84-17051-72-3
Azaleko irudia: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2012, poesia
2008, poesia
 

 

 

OSPITALEKO APARKALEKUA

 

 

Ze gauza bitxia den heriotza,

menderatzen ditu belaunak,

menderatzen ditu oreinaren

adarrak elurretan.

Edna St. Vincent Millay

 

 

Igandea da ospitaleko aparkalekuan

kotxe gutxien dagoen eguna,

larunbata dator gero, ostirala gero.

Badakit ohiko azterketarik

ez dela asteburuan egiten.

Baina gaixoak beren geletan daude.

Zergatik dauzkate bisita gutxiago

asteburuetan?

 

Xahutze ekologista batek

bisitari guztiak oinez, txirrindulaz

eta villavesaz ekarri ditu hona

asfalto beltza eguzkitan utzita?

 

Ireki dute ZIUko itxarongelako atea,

podéis pasar.

Ilaran jarri gara, jantzi ditugu maskarak,

mantalak, eskularruak,

eta bakoitza bere boxera joan da.

Maskarak bereziki txikiak dira,

belarrietan estutzen dute.

 

Ni zazpigarrenekoaren atean geratu naiz,

jo dut atea eta erantzuna

jasotzeko astirik gabe ireki dut.