OSTIRALA
Ostiraletan Kale Nagusiko Joaquin Maya
musika eskolatik atera eta etxera
joaten nintzen amarekin. Udaletxe plazara
iritsi aurretik eskua estutzen zidan,
ikusten genituen polizia urdinak,
erortzen ziren pilotak eta koktelak.
Pilota horietako bat etxeko egongelan zeukan
gure amatxi Pilarrek, 70eko hamarkadako
data zuen papertxo batean, zeloz.
Balkoian zegoen egun batean, begira,
makurtu zen lurretik krisket bat jasotzera,
leherketa bat entzun,
kalera begiratu,
eta polizia bat zuen makurtu aurretik
burua izandako tokira destatzen.
Birritan egin zion ihes heriotzari Pilarrek,
izan da gehien bizi izan den errekaldetarra:
bigarrenean minbiziari,
lehenengoan, krisketari esker, Poliziari.
Hiru gauzak batu naute amarekin:
polizia eta zakurrekiko beldurrak,
eta hiru hilean behineko
erritualean jaten genituen txigorki gozoek.
Beldurra nien ostiralei.