KAMISETEN HAUTAKETAZ
Orain, janzteko kamiseta bat hautatzean
ez dut soilik kontuan hartzen
negua den ala udaberria.
Ez dut soilik proiektatzen egun horretan
norekin egongo naizen eta
ea egokia den haiekin partekatzea
marra, kolore edota testu horiek.
Orain, kamiseta bat hautatzean
pentsatzen dut: hau jantzi nuen
elkarrekin kontzertu hartara joan ginenean,
hau jantzi nuen txinatar zerbitzaria zuen
taberna hartan kafea hartu genuenean,
hau jantzi nuen neskatxa gari ale batzuk
zituen kamiseta beltzarekin
trenetik jaitsi zenean.
Esanahiei gainezka egiteko gaitasuna
dauka hain menostutako maitasunak.