AURREZKI KUTXA
Bere seme txikiarekin
aurrezki kutxaren bulego nagusira
joan zen Pilar Berezibar Galdos,
Karlos III.a etorbidera.
Kontu bat ireki nahi zion
haurrari. Bulegariak
izena galdetu zion
eta Pilarrek esan:
— Aitor.
Eta bulegariak:
— Ezin diot halako izena duen
norbaiti konturik ireki,
izen hori ez baitago santutegian.
Nabarmena zen afera ez zela erlijiosoa,
baizik eta politikoa.
Orduan Pilarrek bulegariari
esan zion bere nagusia dei zezala,
propaganda egiten ari zirela
haurrei aurrezki kontuak irekitzeko
baina gero ez zela posible.
Etorri zen nagusia,
azaldu zioten egoera eta
bulegariari esan zion
irekitzeko kontu bat Aitorri,
santutegiak ez zeuzkala euskarazko izenak
baina haur aleman bat etorriko bazen
ere ez zela santutegian izena agertuko.
Baina ez ote zen nagusia, azken batean,
60ko hamarkada hasiera izateko
garaiari aurreratutako feniziar bat,
bere politika enpresa politika.