Sortaldekoak
Sortaldekoak
2021, poesia
136 orrialde
978-84-17051-72-3
Azaleko irudia: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2012, poesia
2008, poesia
 

 

AHOTSA

 

 

Izaba, Zokoa, Urbasa

eta Zuhatzatik itzultzean

ahots urratuarekin

hitz egiten genion amari.

Gure ahotsak aire gehiago zuen

soinua baino. Kontatzen genituen

egindako etxolak eta egin nahi

baina egiterik izan ez genituenak.

 

Haurrak geuk dauzkagunetik

greba orokorreko egunetatik

itzultzen gara ahots apurtuekin.

Gurutzatu dugulako marra.

Zapaldu dugulako

oinezkoena ez zen asfaltoa.

Eslogan epikoen konbinazio

bizarroak egin ditugulako,

adibidez, els croissants seran sempre nostres

okindegiak pertsiana jaitsi arte.

 

Greba orokorreko gauetan,

zangoak nekatuta ohean,

liburua irakurri nahi

baina belarrietan oraindik

txistuak eta garrasiak ditugunean,

ostera itzultzen gara,

oin puntetan, Anna Pavlova bezain arin,

kanpaldien osteko harrotasunera:

ikasi dugu, eta zenbat, grebaren egunean.

 

Edna Millayren olerkian bezala:

We were very tired, we were very merry...

108. or.