Sortaldekoak
Sortaldekoak
2021, poesia
136 orrialde
978-84-17051-72-3
Azaleko irudia: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2012, poesia
2008, poesia
 

 

 

BEINTZA-LABAIEN

 

 

Mahai gainean bala-zorroak

—sutauts errearen usaina dariela—,

ahari hezur bat, landa mapa bat,

txosten bat, zaldi-ahoko apaindu bat

—izerdi usaina dariola—, ogi-koskor bat.

Hori guztia mahai gainean dago.

Mikhail Xolokhov

 

Mendate lanbrotuaren amaierara

joaten ginen urtero gaztainak biltzera.

Beti errepide bera,

Edna St. Vincent Millayren

1923ko udazken kantua:

 

           Orain udazkenak dardara egiten du

           arrosondoaren sustraietan,

           eskailerak ezker-eskuin

           fruituen gainean makurtzen dira.

 

           Orain udazkenak gora egiten du

           burdin hesitik,

           eta arrosak gogoratzen du

           zer hautsetatik jaio zen.

 

           Ireki berri den arrosaren

           pipila baino distiratsuago

           dago fruitu laranja,

           baia mikatz dago orain;

 

           edertasunak ez du amore ematen;

           dena gertatzen da bere izenean;

           baina arrosak gogoratzen du

           zer hautsetatik jaio zen.

 

Hotz egiten zuen gure

Ford Escort Nomade gorri purpuran.

Renault 19 Acit-a askoz geroago iritsiko zen.

 

Merced karrikak espaloiak zituen sasoiaz

ari naiz, urte erdia alde batean eta beste

erdia bestean aparkatzen zenekoaz.

Garaian, kotxeen irudi hobea zuten auzokideek,

bazekiten Poliziaren furgoneten lasterketetatik

babesteko toki bakarra zirela.

 

Iruņera itzulitakoan egosten genituen

beirazko poteak eta gaztainak.

Inoiz labean ere erre genituen, baina

etxekoak ez ziren Pozo Blanco

karrikako saltzailearenak bezalakoak:

kale erdian erreak, hotzez, xirimiriak ondutako

labean, txanoa, aurreko mantala eta

eskularru erraldoiak zeramatzan jaun hark.

 

Marmelada ere egin genuen,

goxoa, zeren Bonne Maman ez zen soilik

errezeta bat, zen zaporearen industria.

Bonne Maman da gurean inoiz egon ez zen

baina piknikarekin lotzen duzun zamau zuri-gorria.

Bonne Maman dira Landetako bungalowak

Aste Santuan eta abuztuko Dordoina eta Aosta.

Eta Aosta da Merced kaleko egongelako kukua.

 

Beintzara joan ginen azkenetako

batean baratzean zegoen Jone,

ordurako bere ama alarguna zen.

Ordurako, ia desmuntatuta zegoen

haurtzaroan betirako zirudiena:

abereen ukuilua zena hutsik geratu zen,

Justo gaixotu zen, gero hil,

gero Joneren neba gaixotu zen.

Eta definitiboki utzi genituen atzean

zurezko egongela bero hura,

Bilbotik etorritako Joneren iloba: Aitor.

Bera izan zen ezagutu nuen lehenengo txistularia

eta lehenengo trisomikoa.

Guk biolina jotzen genuen bazkalostean,

borondate onez baina tokiz kanpo.

 

Begiak itxi eta inork “haurtzaroa”

ahoskatuko balit, gaztainadi hartan

agertuko nintzateke, egongela hartara.

Maritxuren mamia eta ehizarako arropa.

Mundu hartan, izan ez nuen

nire beste amona izan zen Maritxu.

Eta, ziurrenik, Miguel Indurain

ez litzateke berbera ez banu hango sukaldean

ikusi izango, Abraham Olanorekin,

Atlantako Olinpiar Jokoetan.

 

Beti joan ginen udazkenean,

salbu eta Indurain sukaldeko

telebistan agertu zenean.

Artean ez genekien

azken aldia izango zela.

 

Gero betiko barreiatu zen mundu hura.