ALABAREN OIHALA
Perds-toi pas, suis-moi
j'ai encore ton odeur quand tu dors sur moi.
Maes
Idoia filmetako logistikaz arduratzen da.
Hori da bere ogibidea.
Espezialista ukrainarrak eramaten ditu,
bikoiztaile profesionalak, sutan dagoen
helikoptero batetik jauzi egin dezaten.
Idoiak zapi bat oparitu zion gure alabari.
Jaio aurretik esan zigun:
— Egin lo zapiarekin, horrela,
jaiotzen denean, estali eta oraindik
zuen ohean balego bezala sentituko da.
Kuluxka egitean,
alabari oparitutako zapia hartu
eta lepoan jartzen dut,
orain alabaren usaina daukalako
eta bera ez dagoelako etxean.