Sortaldekoak
Sortaldekoak
2021, poesia
136 orrialde
978-84-17051-72-3
Azaleko irudia: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2012, poesia
2008, poesia
 

 

 

PANKARTA

 

 

Petatxo oihal dendara joan ginen.

Bezperan, pankartako leloa erabaki zuen asanbladak.

Esan zenuen Alde Zaharrean sartuko bazen

bizpahiru metrorekin aski zela, baina, badaezpada,

hiruzpalau eskatu nituen nik, eta, eskuzabal,

beste bi oparitu zizkigun Sararen ahizpak.

Azkenerako, gehiegizko suhartasunarengatik,

Iruņerriko etorbide nagusietan soilik sar zitekeen

pankarta egiteko oihala erosi genuen.

 

Kale Nagusiko 54ko areto nagusian margotu zenuen

eposten eta excellen artean nintzen bitartean.

Zintaz markatu zenituen letrak,

negatiboan margotzeko:

BOTERE GUZTIA BIRIBILGUNEEI

OTRO FIN DEL MUNDO ES POSIBLE

 

Txikitan uste genuen Iruņeko zuhaitz altuena

Diputazioko lorategietako sekuoia zela.

Egun batean Itoizko solidarioak igo ziren

eta pankarta bat eskegi zuten,

Foruen monumentuan beste bat.

Euskal Jai okupatzeko pilotalekuko

teilatu modernistara igo ziren berberak ziren,

tartean gurasoen lankide izandako biologo bat.

 

Hilerrian, zure hiletan,

pankarta hura zabaldu zuten

gure zelulako kideek,

egin zenuen

azken greba orokorrekoa.