ESKIBEL
Oh Carol oh, won't you let this flower grow,
Don't kill it Carol.
Oh Carol oh, won't you let this flower grow,
Don't kill it Carol.
Manfred Mann
Irakasle izan nintzen garaian izan nuen
ikasle ederrena izan zen,
eszitatu ninduen bakarra,
24 urte nituen nik, 47 berak.
Ez nuen ongi ulertu zerk batzen gintuen,
ez dut inoiz ongi ulertu
zerk batu nauen intimitatea
partekatu dudan horiekin.
Ordukoan, uste dut bere instalazio poetikoa
zegoela tarteko, halako injustizia bat,
bi seme zeuzkan, zaharrenak ia nire adina zuen,
eta gero bere senar ohiaren arrakala zegoen.
Etxe zoragarri bat eraiki zuten elkarrekin.
Jakin gabe, ondotik pasatzen nintzen ia astero
Javirekin Uribarrirako bidean, Bolibarrera
iritsi aurretik, 2010eko ostiral eguerdietan.
Garai hartan, etxeko ikusmiraz gozatzeko,
garbigailua eta komuna zeuden miradorera joaten nintzen,
han behean, komentu baten aztarnetan,
katuak egoten ziren eta jaten ematen zien andre bat.
Gorroto nuen gure etxeraino zetorren
kiratsa, leihoa zabaltzean katuek
gora begiratzen zuten, sarraski bila,
nik ura botatzen nien sarritan, uxatzeko edo.
Katuen eta gure etxearen artean
Gasteizko opil goxoenak egiten zituen
gozotegiaren atzealdea zegoen.
Goizean frijitu usaina igotzen zitzaigun.
Emakume lasaia zen, azkar ibiltzen denetakoa,
Eskibelerako zidorra erakutsi zidan,
sabai altu-altuak zeuzkan etxeak,
bere seme zaharra ikusi nuen aldi bakarrean
hango sofan nengoen.
Maitalearen ama logelara sartu zen behin,
larrutan bukatu berri genuen,
lotan geundelakoan egin zuen alde.
Ezinezkoa zen jakitea
garraxika entzun ote gintuen ala ez.
Irakaspenez jositako uneak izan ziren:
ezagutzen zuen patxada,
bestea presente izatea,
zer den bizitzarekin segitzea
partekatzen duzun hori
bikotekideak zapuzten duenean
maitale batekin.
Ez zuen mundua epaitzen.
Ezin zen jakin azalaren barruan
minik bazuen ala ez,
aurrera segituko zuela
ikusten zen.
Muxukatzen nizkion bularrak
dutxan, ohean, sofan.
Hori zen bereziki elkarri
egiten geniona, baina arrastoa
beste nonbait zegoen.
Ez zegoen ikusi genuen
hildako sugandila lehortu hartan,
ezta Armentiako basoan ere.
Ez genuen mapa afektibo
berririk asmatu,
arduratzen ginen bestearen eztarriaz, usainez,
bizkarreko mina zer moduz zihoan galdetzeaz.
Gure soinu banda neu jaio
baino zazpi urte lehenago idatzi zen
eta garaian ez nuen
ez erramurik ez ezkairik
erabiltzen sukaldean.