CHAVISTAK
Merced karrikako egongelan ikusi genuen,
Mirentxu Purroyk aurkeztuta,
Hugo Chavez Frias ezagutarazi
zigun dokumentala.
Zerbaitek egin zidan klik eta
sentitu nintzen gizon horri lotua.
Zer den lehenago, norberaren habitusa,
klase posizioa ala izaera, ez dakit.
Baina handik urte askotara
Oliver Stoneren dokumentala ikusi nuen,
eta hantxe nabarmentzen zuten
Chavezen lankideek, segurtasun arduradunek,
ministroek, egunean 20, 30 ala 40 kafe
hartzen zituela. Stonek galdetu zion:
— Zenbat kafe hartu zenituen atzo?
Eta Chavezek erantzun:
— Asko, baina ura bezalakoa da
eta asko izerditzen naiz.
Pieza berean, Chavezen anaia zaharrak
esan zuen beren sendiaren genealogia
amatxi Rosa Inesekin hasten zela,
hark landu ziela pentsamendua.
Chavezen bizkartzainak aitortza
bat egiten du dokumentalean,
eta horretan ere chavista sentitu nintzen:
edonora zihoazela, liburutegia zeramaten gainean.
— 30-40 liburu, nahiz eta bidaia laburra izan,
beti izan dezan irakurtzeko zerbait.
Gauza bera egiten dut neuk ere,
irakurtzeko astirik izango ez dudanean
liburu bat behintzat, irakurtzeko astia izango
dudala dakidanean, dozena erdi bai.
Kafea, amatxiren argia eta liburuak,
chavismoaren hirukia.