EREITEKO BEZPERAK
Elizabeth Wilkinsoni, bere ukabilkadengatik
1789ko uztailaren 14aren bezperan,
zer afaldu zuten Bastilla
eurenganatuko zuten iraultzaileek?
Norekin egin zuten lo?
Zeren badakigu maiatzaren 2ko
iluntze luze hartan, 1849ko Dresdenen,
Wagnerrek Marseillesa txistukatu zuela.
Iraultzaileek sei egunez hiria hartu
eta etsaiak 200 burkide hil baino lehenago,
1.200 preso hartu baino lehenago.
1.599 lagunekin batera ihes egin zuen
Wagnerrek. Izan zen eskale bat Parisen.
Eta maiatzaren 3ko bezperako txistuekin
idatzi zituen Lurreko melodiarik ederrenak.
1917ko martxoaren 7an,
mundua inarrosiko zuen urriaren aurretik,
norekin afaldu zuten ama guztien
Martxoaren 8a egingo zuten emakumeek?
Noraino heldu nahi zuten hurrengo goizean?
Eta zuk.
Bi hilabetez elkar ukitu gabe ginela.
Frantziako egun nazionalaren ilunabarrean.
Zerekin egin zenuen amets?
Zenbat denbora egin zenuen lo?
Zer afaldu zenuen?
Erretrospektiben dirdaian
bezperetako oturuntzak.
Rosa Luxemburgen ziegari
abesten zioten erresiņolek,
ereiteko ateen bezperak.