Sortaldekoak
Sortaldekoak
2021, poesia
136 orrialde
978-84-17051-72-3
Azaleko irudia: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2012, poesia
2008, poesia
 

 

 

LEHERGAILUEN ERABILERAREN KONTRA

 

 

Edonork idatz dezake zerbait gerrari buruz, gerra beti da lazgarria. Baina bakeari buruz idaztea, guk bake deitzen dugunari buruz idaztea... funtsean gerra dena... Gerra, benetako gerra, gerra den bakearen leherketa besterik ez da.

Ingeborg Bachmann

 

Bekainak altxatu eta

hatz erakuslea jarri zuen dantzan:

— Ni lehergailuen erabileraren oso kontra nago.

 

Ez zen hiri gerrillen taktika armatuen inguruan

iritzirik saltzen ari. Ari zen bikote egonkorren

egunerokoaz. Ari zen, adibidez, zuk ezin diozula

egungo bikotekidearen aurretik izan duzun

beste maitale bati gaur egun aitortu

oso ederra izan zela pasatu zenuten aldi hura.

Jan zenion ezpain hura, edoski zizun bestea.

 

Egonkortasunak ez ditu jasaten lehergailu horiek.

Eta egonkortasunak dauka sistema antiterrorista

oso ongi muntatu bat. Baina ez dauzka artezilariak.

Halako lehergailu bat bidaltzen baduzu

dena zartatuko da, ez dago egiaren kontra babestuta.

Eta egonkortasunak, gaur egungoak, ez daki

kronologiaz, ez daki solapamenduen aitortzaz.

Dena egiten du kronoskopiko.

 

Egonkortasunak beti esaten dizu:

— Zu ere lehergailuen erabileraren oso kontra

egon beharko zinateke. Kaosaren lege guztiak

suntsiketaren alde dauzkagu bestela.