ESKOZIAKO BANKUA
Niretzat Eskozia gauza asko ziren
baina, bereziki, gure haurtzaroan
aitak gehien desiratu zuen munduko tokia.
Eta hala joan ginen, Pride of Bilbao ferryan,
eta gurutzatu genuen uhartea Portsmouthetik
abiatuta bolantea kontinenteko aldean
zuen gure kotxean.
Jan genuen fish and chips Aberdeenen,
erosi genituen golf makila bat eta hiru pilota,
zeharkatu lochak eta lo egin
Skye uharteko kanpinean, paseatu Dundeen
eta nazka eman ziguten, aurrenekoz, kaioek.
17 urte nitueneko udan itzuli nintzen Eskoziara.
Hartzen nuen bus bat hiriaren hegoaldetik
ingeles eskolak jasotzeko eta
eskatu nuen, aurrenekoz, dirua kalean
biolina jotzeagatik.
Royal Mileko kalezulo batean
izan nuen nire laugarren sexu harremana
emakume batekin.
Zen neska italiar bat nire adinekoa,
ingeles eskoletakoa,
oso musukatzailea eta erretzailea,
bidean garagardo lata bat edan zuen,
eseri ginen atari batean,
lurra zen hotza, harrizkoa.
Garai hartan uste nuen
musuaren funtsa bestearen
ahoan mihia sakon sartzea zela.
Neukan zakila tente,
min ematen zidan bakeroetan.
Dena zen poliki eta goxo,
dena kostatzen zen baina pasioa zerion:
bere sorbaldetara iristea,
bere bularretara, areolak miazkatzea,
elkarri eskuak praketan sartzea.
Ez naiz oroitzen ze bankutakoa zen
guztia gertatu zen sukurtsala
baina Edinburgok duen kokapenarengatik
erabaki nuen Eskoziako Bankuan izan zela dena.
Egun batzuk geroago, Hoyrood Parken
paseatzen ari nintzen zaharragoa
zen ikastaroetako Bilboko gizon batekin
eta neskaz hasi zitzaidan hitz egiten.
Arinkeriaz esan zuen ederra zela
baina “kanpaia” besterik ez zuela jotzen.
Pena eman zidan entzuteak,
zuretzat samurra dena
norbaitek mespretxatzea.
Gero, errukia sortu zidan hortz hori eta
betaurreko borobileko gizonak,
begiratu nuen etorkortasunez,
sexua bera baino neska gazteagoekin
bakarrik izan zezakeen beste gizon
bat baino ez zen.