Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Aurkibidea
Sar hitza (EHAZE)
Erregea eta bufoia eta deabrua eta jainkoa (Jon Gerediaga)
Herri antzerkia: Etxebarriko Antzerki Taldea
Egon Schiele edota Gustav Klimten estiloan
William Layton antzerki laborategia
Tropoak, tranpak eta heteronimoak
Kaosaren estetika. Ezetzaren estetika
Eugenio Barba, antzerki antropologia
Mas Soegeng, Baliko antzerki maskara
Errituala, kultura eta ikuskizuna
Tadeusz Kantor, heriotzaren antzerkia
Inor ez da profeta bere herrian
Adel — Artedrama Euskal Laborategia
Lehen eguneko ilusioarekin lanean
Mixel eta Maika Etxekopar, Xiberuatik bi xori
Irakasleak, maisuak, maistrak eta guruak
Amancay, bihotza sendatzen duen lorea
Amarauna: bideak eta bidaideak
Antton Luku, bortutik datorren ura
Au revoir, triunfadoreak! lanerako deitu nuen Antton Luku, Madame Faneca pertsonaiari off-eko ahotsa jartzeko. Arratsalde batez, Bilbora etorri zen eta estudioan grabaketa egin zuen. Horrela, lan eginez, ezagutu genuen elkar.
Gero Euskal Herriko 6. Foro Sozialaren karietara gonbidatu gintuzten biok hitzaldi bat ematera. Laborantza Ganbarak Ainhize-Monjolosen zuen eraikinean izan zen hitzordua. Horrela zioen gaiak: “Euskal kultura: alter kultura?”. Nik, nire partetik, sekulakoak botatzen nituen, guztien kontra nintzen baina ematen zuen nire diskurtsoa beste esfera batean zegoela, beste lurralde batekoa zela. Aktorearen prekaritateari buruz eta kulturaren prekaritateari buruz hitz egiten nuen, orokorrean. Betiere nire errealitatetik. Jendeak adi eta errespetuz entzuten zuen esaten nuena, baina besterik gabe.
Antton hitz egiten hasi zenean, ordea, inor ez zuen axolagabe utzi. Denen aurrean egia potoloak botatzearren, batzuk barre algaraka eta beste batzuk kexu, protestan hasi ziren. Esaten zuena ez ote zen gehiegizkoa? Nik ez nuen dena harrapatzen, edo hobeto esanda, ez nuen ia ezer harrapatzen. Ez nuen hango errealitatea ezagutzen eta zaila zitzaidan Anttonek esandakoak osotasun batetik ulertzea. Antton herriaz ari zen, gure herriaz, euskal kulturaz. Baina zer nekien nik ba euren errealitateaz? Zer dakigu “Iparraldeko” errealitateaz? Egia esan, ezer gutxi. Eta zein da bada gure euskal kulturarekiko iritzia? Gure kritika? Gure jarrera? Eta horregatik egiten zitzaidan interesgarria hori guztia. Gure herriaren parte bat galdu banu bezala sentitzen nintzen, eta errealitate hura ezagutu nahi nuen. Zertarako kanpora joan etxean duzuna ezagutzen ez baduzu? Zertarako ihes egin? Zer bilatzen dugu kanpoan? Gurea dena maitatu edo gorrotatu, aberastu edo pobretu dezakegu, eta hori gure esku dago.
Pixka bat gehiago ezagutu ahala ohartu nintzen nor zen Luku. Antzerki eta dantzarako duen pasioa eta ezagutza izugarria da, eta euskal kulturari egin dion ekarpena laudagarria. Donibane Garazin Nafarroa lizeoan irakasle izateaz aparte, erabat antzerkira emana zen eta hiru fronte zituen irekiak: lizeoko ikasleekin antzezlanak, libertimenduak eta Hiru Punttu antzerki taldeko obrak idatzi eta zuzentzen zituen.
Iparraldean gainbeheran zeuden antzerki taldeak. Euskaraz aritzeko talde profesionalik ez eta amateurrak ere gutxi. Horren faltan, Anttonek beti jomuga argi zeukan, bere buruari galdetzen zion kultur helburuak non diren. Lanaren bidez euskarak zituen hutsuneak bete. Urtero lizeoko ikasleekin idatzi eta sortzen zuen obra berri bat. “Antzerki popularra” baino haratago joan nahi zuen. Antzerki lanek ardatz bat, mami bat izan behar zuten, eta horrela antzezlanak muntatzeari ekin zion. Askotariko antzerki formak uztartu zituen: maskara antzerkia, obra historikoak, Larzabalen teatroa, eleberri baten egokitzea (Jasone Osororen Korapiloak eta Tentazioak liburuetatik antzezlan bat egin zuen, Xabier Montoiaren Gasteizko hondartzak liburutik beste bat)… Lan izugarria egin zuen lizeoko ikasleekin. Ez zuen ohiko antzerki popularrean erori nahi, antzerkiaren diasporako arka ireki nahi zuen, ikuspuntua zabaldu. Argi zeukan baita ere formakuntza espazio bat zela. Gorputzari libertatea ematen zitzaion antzerkiaren bidez, eta formakuntza horren ondoren eskarmentua hartzen zuten ikasleek libertimendua egitera pasatzen ziren, euren zirtzilkeriekin plaza betetzera. Euren gaztetasunetik, komunitatean, rol bat betetzera. Batzuk erosoago sentituko dira dantza eginez, beste batzuk aktore, musiko edo bertsolari. Plazan denentzako lekua dago.
Libertimenduak, otsail aldera, Santibate ostean elurteak pasatuta udaberriari ongi etorria emateko egiten dira. Emanaldiak bi zati izaten ditu: puska biltzea edo asalduak, herriko hainbat elkarte edo etxeei bisita eginez eta, ondoren, ekitaldi nagusia edo mustra. Dantzari, jokalari, musikari eta bertsolariek plazaren biribilean urteko “balantzea” egingo dute. Bolantek definitzen dute espazioa, zirtzilek mihiak zorroztu eta gorputzak modu ahaikatzailean erabiliz herrian pasatutako berri, pasadizo eta kontuen inguruan egingo dituzte ekintzak, burla eta trufa. Arraileria. Ondoren, bi bertsolariek bat-batekotasunetik gertatutakoari abileziazko erantzunak emango dizkiote, entzuleriaren gozamenerako. Arrazoia medio, bertsolarien arteko kontrobertsiak giroa gehiago berotu dezake. Eta kaos perfektuan, dantzek eta musikek beteko dute zirkulua, ikuslearen arima hanpatuz. Antzerki oso honek bildutako herritarrak hunkituko ditu, eta bukaeran denek, ikusle zein parte-hartzaile, harrespila zabalduz, azken jauziak dantzatuko dituzte.
Lukuri zor diogu libertimenduen loratzea. Donibane Garazin ikusi izan ditut. Amikuztarrak ere maisuki aritu izan dira Mattin Irigoienen gidaritzapean, Donapaleuko plaza dantzari, musikari, bertsolari eta zirtzilez bustiz. Ondotik ere, urtez urte eman izan dira beste zenbait, nik horietako batzuk ikusi edo jarraitu izan ditut: Makean, Baionan, Irisarrin, Baigorrin eta Iruñean batik bat.
Eta Lukuren azken frontera iristen gara: Hiru Punttu antzerki taldea. Pena dut, Tu quoque fili!, Hotel du Fronton eta Lurra bezalako lanak galdu izana. Aipatutako hauetan Fuchs anaiak eta beste lagun batzuk ere aritu ziren. Anttonek harrobi izugarria egin zuen, antzerki zaletasuna eta euskal kulturarekiko atxikimendua piztuz. Nik taldearen azken lanak baino ez nituen ikusi, tetralogiaren azken biak: Baionan Bizi eta Fauxto. Karrusa.
Baionan Bizi izan zen ikusi nuen lehena. Aulestiko topaketetara gonbidatu genituen. Modu klasikoago batean egina, bazegoen zerbait lehengo teatro kostunbrista oroitarazten zidana. Etxebarriko Antzerki Taldeko giroa oroitarazten zidana. Garai batera transportatuko banindu bezala baina gaurkotasun-gaiak ukitzen zituena. Zerbait etxekoa ikusten nengoen, jokoa, forma, gidoia, dena iruditzen zitzaidan oso hurbilekoa. Barne kili-kili bat sorrarazi zidan lan hark.
Ikusi nuen bigarrena, Hiru Puntturentzat azken lana izango zena, Fauxto. Karrusa izan zen. Sortze prozesuan errepika batzuk ikusteko eta, tailer bat emanez, eurekin lan egiteko aukera ere izan nuen. Dejabuko Urkok eta Ainarak ere berdin egingo zuten. Karrusa, Garaziko euskalkian, tobera da, antzerki satiriko mota bat. [34]
Ia bi orduko emankizuna, zutik ikusi nuen eta aho zabalik. Formari dagokionez, batez ere mugimendua da oroitzen dudana. Pertsonaien hitz jarioak geziak bailiran iltzatzen ziren publikoaren kontzientzian eta bihotzetan. Mugimendua eta erritmo bizia. Indar zentrifugo batek biziarazten zuen guztia. Harrituta nengoen, eta gorputz osoan zirrara batek zerbait berezia eragin zuen nigan. Teatroa.
Aitortu behar dut Antton Luku mugarri bat izan dela nire ibilbide profesionalean. Jakitate eta sentsibilitate handiko pertsona, begirada oso kritikoa eta aberatsa izan duena. Gauzak haratago ikusten duen pertsona bat dela iruditzen zait, bisionario bat. Fauxto ondoren, tamalez, teatroa alde batera utzi zuen. Bere idatziak geldituko zaizkigu. Botoiletan ipuin liburu ederra, eta Euskal kultura? eta Libertitzeaz saiakerak. Eta, nola ez, urteetan idatzitako hamaika antzerki lan. Batzuk berarentzat gordeak, beste batzuk argitaratuak eta beste asko sutara botatakoak, erreak. Antzerkia sua da eta bizi-bizirik dago.
Lukuk planteatzen dituen ideiak oso zentzuzkoak iruditu zaizkit beti, esaten duenarekiko oso koherentea da. Beretik hitz egiten digu antzerkiak gizartean duen funtzioaz. Ez du ezer berririk asmatzen, baina gauzak esatera ausartzen da, eta hori gure herriaren eta gure kulturaren osasunarentzat positiboa da. Fundamentuz kritikak egiten direnean herria aberasten da. Pertsonak ere aberasten gara. Batzuk, eta ez gutxik, kontra egin izan diote. Eta orduan, arrazoi guztiz, berak ere kontra egin du. Ikasi behar dugu kritika jasotzen, baita ere. Eta eztabaida sustatzen. Kasu, Euskal kultura?ren alde onak eta txarrak begiratzen, ahalak eta gabeziak. Sarri gertatzen da, herri edo komunitate baten zauriak ukitzen direnean, berdin du zein aldekoa den, min egiten duela. Eta mina inork ez du maite, baina horrekin ere jakin behar da bizitzen.
Horrelakoa da Antton, bortutik datorren ura bezalakoa. Batzuetan azkar, besteetan mantso, baina beti bizi.